ERAKUSKETA: 68AREN OSTEAN

 

EUSKAL ARTISTAK
68AREN OSTEAN
BILBOKO ARTE EDERREN MUSEOA
Petronorren 50. urteurrenaren karietara aurkezten dugu orain 68aren ostean. Artea eta praktika artistikoak Euskal Herrian 1968-2018 erakusketa antologikoa, euskal artearen bost hamarkadaren azterketa egiten duena; era horretan, museoak gure inguru hurbileneko arte garaikidearekin duen konpromisoa berritzen du.

Erakusketa 1968. urte enblematikotik abiatzen da –Gaur taldearen fundazioa baino bi urte geroago–; hain zuzen, une horretan sartu zen 40ko hamarkadan jaiotako euskal artisten belaunaldi berria agertoki artistikoan, eta eremu hori Euskal Eskolako taldeetako kide beteranoekin partekatu zuen; horiek guztiek Jorge Oteiza eta Eduardo Chillida zituzten erreferente. Salbuespenezko atariko gisa, erakusketan beraien ohiz kanpoko piezak daude: Oteizaren Omenaldia Paul Kleeri (1955-1956) edo Espiritu Santuaren erretratua (1958-1959), bilduma partikularretakoak direnak, eta Chillidaren Abesti gogorra IV (1964) eta Musika isildua I (1955), Juan March Fundazioarena eta Basileako Kunstmuseumena, hurrenez hurren.

Politikoki eta sozialki asaldurazkoa izan zen hamarkada horretan, euskal arteak informalismotik eta abstrakzio konstruktibotik eratorritako lengoaien amaiera ezagutu zuen; pop artearen proposamen figuratiboak agertu ziren, eta, minimalismoaren zein arte kontzeptualaren eraginez, objektu artistikoaren ideia zalantzan jartzen hasi zen. Garai horren hasieran, hain justu, 1970eko irailaren 28an, museoaren eraikin modernoa inauguratu zen, eta Bilboko Arte Ederren Goi-eskolaren jarduna abiatu zen; hura izango zen etorkizunean Arte Ederren Fakultatea, eta euskal artearen garapenean eragin erabakigarria izan zuen.

Ibilbidea bost hamarkada geroago bukatzen da, 2018an, egungo sortzaileen esperientzia artistiko berrienekin. Aldi horretan, emakumeek egindako arteak protagonismo handiagoa hartuko du pixkanaka.

Ia-ia 150 obra (pintura, eskultura, argazkigintza, bideoartea eta paperaren gaineko obra) eta zenbait belaunalditako 100 artista inguru biltzen dituen hautaketa zabal honek aukera emango du, batetik, ezagutzeko artea modernizatzeko zein modu egon ziren azken mende aldaketan inguru berezi honetan, eta, bestetik, baloratzeko hemen hasi diren ibilbide pertsonal zein kolektiboek zer garrantzi izan duten Estatu mailan eta nazioartean.

Erakusketaren abiapuntua Bilboko Arte Ederren Museoaren bilduma izango da, eta horri bilduma pribatuen eta beste erakunde publiko batzuen mailegu aipagarriak gehituko zaizkio; erakunde horien bildumen interes-puntu nagusietako bat euskal arte garaikidea izan da. Artiumetik datoz Mª Luisa Fernández, Txuspo Poyo, Edu López eta Jon Mikel Eubaren hainbat pieza nabarmen. Euskadiko aurrezki kutxetatik, berriz, Pedro Osés, Juan José Aquerreta, Alberto Rementería, Luis Candaudap edota Azucena Vieitesen lanak.

Euskaditik kanpo ere asko dira euskal artea bildumatu duten erakundeak, eta erakusketari ekarpen handia egin diote. "La Caixa" Fundazioak Ángel Bados, Txomin Badiola, Cristina Iglesias, Peio Irazu edo Ana Laura Aláezen lanak laga ditu. Reina Sofía Arte Zentroa Museo Nazionalak, Bartzelonako Museu Nacional d'Art Contemporanik (MACBA) eta Gaztela eta Leoneko Arte Garaikidearen Museoak (MUSAC), esate baterako, Miguel Ángel Gaüeca, Sergio Prego, Asier Mendizabal, Ibon Aranberri, Iñaki Garmendia eta Ixone Sadabaren lanak utzi dizkiote Bilboko museoari.

Corpus artistiko horri museoaren Liburutegiko ondare bibliografiko zein dokumentala gehitu zaio. Liburutegiak dokumentazio eta ikerketa lan handia egiten du, Arteder euskal arteari eta artistei buruzko gure herrialdeko datu-baserik handienaren bitartez. Atal horretan, gainera, bilduma pribatuetako maileguak gehitu dira –Xabier Sáenz de Gorbea historialari eta kritikariaren edo Sol Panera galeristaren artxiboa–, bai eta erakunde publikoenak ere, esate baterako, Jorge Oteiza Fundazio Museoarenak, Sancho el Sabio Fundazioarenak edo Koldo Mitxelena Kulturunearenak.

Diskurtso kronologiko bat egingo da, zeinean artistak eta haien obrak artxiboko materialekin eta dokumentuekin (liburuak, liburuxkak, txartelak, aldizkariak, kartelak, idazkiak edo ikus-entzunezko materiala) batera egongo baitira. 68aren ostean. Artea eta praktika artistikoak Euskal Herrian 1968-2018 erakusketak museoaren eraikin moderno osoa hartuko du (BBK aretoa, eta 32. eta 33. aretoak). 1970ean inauguratu zen gune hori, eta garai hartan arteak erakundeetan izan zuen ibilbidearen osagai garrantzitsua da.

Miriam Alzuri, Begoña González eta Miguel Zugaza museoko kideen komisariotzapean egindako erakusketaz gainera, adituen testuekin osatutako katalogo bat egingo da. Katalogoko testu horiek informazio berria eskainiko dute, Euskadin 1968tik gaur egunera arte izan diren adierazpen artistikoen azterketarako. Francisco Javier San Martín, Fernando Golvano, Peio Aguirre eta Miren Jaiok hamarkadaka aztertu dituzte erakusketako praktika artistikoak. Lau testuak doan jaits daitezke euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez museoaren webguneko Irakurketa aretoan. Halaber, Mikel Onandiak kronologia zehatza osatu du, aldi horretan, testuinguru artistiko eta soziala zehaztu zuten gertaerak jasotzen dituena.

Era berean, erakusketa irekita egongo den bost hilabeteetan, publikoari urte hauetako aldaketa politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalak artearen ikuspegitik aztertzeko aukera eskainiko dioten askotariko ekitaldi osagarriak antolatuko dira; hala nola, zinema, musika eta hitzaldi zikloak edota hezkuntza-programa zabala.
Inaugurazioa:
Hasten da: 07/11/2018
Bukatzen du: 28/04/2018
Ordutegia: 10:00 - 20:00
Kokapena: Arte ederren museoa (Museo Plaza, 2)

Date

07/11/2018 - 28/04/2019

Time

10:00 - 20:00

Location

Bilboko Arte Ederren Museoa
Plaza del Museo, 2, 48009 Bilbao, España
Category
No Comments

Sorry, the comment form is closed at this time.