ERAKUSKETA: Zubietako Goyak – Adán de Yarza familiaren erretratuak

Francisco de Goya
Zubietako Goyak - Adán de Yarza familiaren erretratuak
Bilboko Arte Ederren Museoa
Francisco de Goyak Adán de Yarza bizkaitar familia ospetsuko hiru kideri egindako erretratuak dira; Lekeition du jatorria familiak eta haren leinua X. mendetik dator. Erretratatuak honako hauek dira: Bernarda Tavira, Fernando Adán de Yarzaren alarguna; Antonio Adán de Yarza, Bernarda Taviraren eta Fernando Adán de Yarzaren semea; eta María Ramona de Barbachano, Antonio Adán de Yarzaren emaztea 1787az geroztik. Etxe garrantzitsu honen historia sakontasunez dokumentatuta dago Susana Serrano Abad ikertzaile eta Euskal Herriko Unibertsitateko Historia Garaikideko irakasle titularrak eta Mikel Urizar Bilboko Arte Ederren Museoko Artxiboaren buruak egindako "Antonio Adán de Yarza Tavira (1761-1835)" azterlanean.

Bilboko Arte Ederren Museoak Francisco de Goyak 1780ko hamarkadaren amaieran margotutako Adán de Yarza familiaren hiru erretratu ezezagun ezagutarazi ditu, eta lehen aldiz aurkeztu publikoaren eta komunitate zientifikoaren aurrean, aztertu eta zaharberritu ondoren, eta ikusgai izango dira irailera arte. Orain arte erreferentzia bibliografiko akademikoen, prentsako aipamenen eta garaiko argazkien bidez baino ez ziren ezagutzen hiru margolan horiek, eta 1937an, Eusko Jaurlaritzak Gerra Zibilean ebakuatu zituenean, Frantziara eramateko erabili zen jatorrizko kutxarekin batera daude ikusgai orain, haien jabetza duen familiaren eskuzabaltasunari esker. José Luis Merino Gorospe museoko zaharberritzaileak egindako azterketa teknikoak eta zaharberritzeak hiru obren kontserbazio egoera bikaina utzi dute agerian, eta bereziki nabarmentzekoa da lehen mihisean kontserbatzen direla eta XVIII. mendeko jatorrizko euskarrietan daudela iltzatuta. Goyaren obran espezialista handiak diren nazioarteko bi adituk, Juliet Wilson-Bareauk eta Xavier Brayk, egin dute margolanen azterketa historiko-artistikoa, Goyaren erretratugintzaren barruan daukaten originaltasuna nabarmenduz. Azterketa eta zaharberritze zorrotzaren ondorioak Zubietako Goyak. Adán de Yarza familiaren erretratuak argitalpen digitalean daude jasota; argitalpen horrek erretratuetako protagonistei buruzko artikulu biografiko bat ere eskaintzen du, Susana Serrano eta Mikel Urizar historialariek egina, eta obrek Gerra Zibilaren garaian izandako gorabeherei buruzko beste bat, Francisco Javier Muñoz adituak idatzia.
Inaugurazioa: 2019/04/26
Hasten da: 2019/04/26
Bukatzen du: 2019/09/15
Ordutegia: 10:00 - 20:00h
Kokapena: Museo Plaza 2, 48009 Bilbao

Date

26/04/2019 - 15/09/2019

Time

10:00 - 20:00

Location

Bilboko Arte Ederren Museoa
Plaza del Museo, 2, 48009 Bilbao, España
Category
No Comments

Sorry, the comment form is closed at this time.