ERAKUSKETA: Ameztoy. Vicente Ameztoy

Vicente Ameztoy
Ameztoy
Bilboko Arte Ederren Museoa
Aurreko belaunaldiko euskal artisten hizkuntza abstraktuaren parez pare, Vicente Ameztoyk (Donostia, 1946–2001) hirurogeita hamarreko hamarkadako euskal artea zeharo eraldatu zuen figurazioaren alde egin zuen, eta subjektibotasunaren, misterioaren eta ironiaren interesaz lagundu zuen figurazio hura. Kezkagarriaren eta ohiz kanpokoaren presentzia nabarmena izan zen haren lan guztian. Halaber, aipatzekoa da Ameztoyk zuen gaitasuna itxuraz arruntak diren osagaiak, paisaia esaterako, osagai aztoratzaile bihurtzeko.

Euskal Herriko kultura eta historia garaikidearen aipamenekin batera, Ameztoyk hainbat erreferente erabili zituen, besteak beste ingeles pintura prerrafaelita, italiar quattrocentoa edo Magritteren surrealismoa. Nolanahi ere, erreferente horiek guztiak hartu eta estilo sofistikatuaren, teknika zehatzen eta bere interesen, hala nola ekologiaren edo argazkilaritzaren eta zinemaren munduaren –1992an Julio Medem errealizadorearen Vacas filmaren diseinu artistikoan parte hartu zuen– galbahetik igarotzen zituen, eta baita bere gorabehera biografikoen galbahetik ere.

1990ean antolatu zen, Donostian, Ameztoyren lanaren atzera begirako lehenengo erakusketa, eta gaur egun arte bakarra; artistak berak prestatu zuen, 1970 eta 1980ko hamarkadetako lan aipagarrienetako bilduma gisa. Ondoren, formatu txikiko hainbat erakusketak egin dira, haren lanaren alderdi partzialetan oinarrituak, esate baterako Donostiako Koldo Mitxelena Kulturenean (2000) edo Gasteizko Artiumen (2003).

Bilboko Arte Ederren Museoko erakusketan aurkeztuko da jendaurrean lehen aldiz Vicente Ameztoyren lan osoaren irakurketa bat, haren ibilbide artistiko osoa bilduko duena. Horrekin batera katalogo bat aurkeztuko da, Joseba Sarrionandia eta Bernardo Atxaga idazleen testuekin, Euskal Herriko Unibertsitateko Estetikako eta Arteen Teoriako irakasle Fernando Golvanoren eta Javier Viar eta Miriam Alzuri erakusketaren komisarioen testuekin.

Ameztoy erakusketa, Bilboko Arte Ederren Museoak egina eta Javier Viar eta Miriam Alzurik komisariatua, Madrilgo Arte Ederren Zirkuluan aurkeztuko da lehenik, eta, hura amaitu ondoren, Bilbora abiatuko da.
Inaugurazioa: 2020/02/12
Hasten da: 2020/02/12
Bukatzen du: 2020/09/20
Ordutegia: Asteazkenetik astelehenera, 10:00etatik 20:00etara
Kokapena: Museo Plaza 2, 48009 Bilbao

Date

12/02/2020 - 20/09/2020

Time

10:00 - 20:00

Location

Bilboko Arte Ederren Museoa
Plaza del Museo, 2, 48009 Bilbao, España
Category
No Comments

Sorry, the comment form is closed at this time.