ERAKUSKETA: Inpresioak ehizatuz. Joaquín Sorolla

Joaquín Sorolla
Inpresioak ehizatuz
Bilboko Arte Ederren Museoa
Joaquín Sorollak (Valentzia, 1863-Cercedilla, Madril, 1923) bi mila olio-pintura inguru margotu zituen kartoian, oholean, paperean eta tamaina oso txikiko mihiseetan -gehienez ere 20 x 30 cm-koak-; obra horiei «ohartxoak», «orbanak» edo «koloretako oharrak» deitzen zien artistak. Artistaren ibilbidearen une bakoitzeko lanarekin lotuta daude beti, baina ezin dira hertsiki hartu ondorengo konposizioak prestatzeko ikerketa modura. Hain zuzen ere, Sorollaren ikuspegiaren nolabaiteko erregistroa dira, haren interes piktorikoen laburpenik hoberena.

Maiz erabiltzen zituzten horrelako ohartxoak XIX. mendeko artista handiek, eta Sorollak ere bere bizialdi osoan erabili zituen, bere trebetasuna lantzeko; halaber, artistaren ekoizpen pribatu eta askeenaren lekuko preziatuak dira. Argazki askotan ikusten denez, Sorollak bere tailerrean izaten zituen obra txikiok eta, sarritan, bere jarraitzaileei oparitu, ongintzazko egintzetara bideratu edo beste margolari batzuekin trukatzen zituen. Baina horietako asko nazioarteko erakusketa handietan aurkeztu eta saldu ziren -batez ere, 1909. eta 1911. urteetan Ameriketan egindako biretan-, zeinetan egilearen talentuaren adierazpen kontzentratutzat hartu zituzten.

«...Azkar margotu behar da, gauza iheskor asko galtzen baita, eta ez da berriz aurkitzen!». Halaxe definitzen zituen artistak bere ideiak. Margolaririk garrantzitsuenetako bat izan zen Espainiako artean, XIX. mendetik XX. mendera igarotzeko garaian, eta berezko estiloa zuen obra ezaguterraza sortu zuen. Luminismo bikain eta zehatza gauzatzen zuen paisaia eta erretratuetan, eta goreneko mailara heldu zen Mediterraneoko eta Kantauriko itsasertzen gaiekin.

Sorolla Museoaren eta Sorolla Museoa Fundazioaren (Madril) laguntzarekin antolatutako Inpresioak ehizatuz. Sorolla formatu txikian erakusketan, María López Fernández, Blanca Pons-Sorolla eta Consuelo Luca de Tena izan dira komisario. Lehenengo biek, gainera, erakusketarako argitaratutako katalogoan jasotako saiakerak eta kronologia egin dituzte.

Erakusketan Sorolla Museoaren bildumako 186 margolan daude, formatu txikian, ohol, kartoi edo beste material batzuetan. Beira-arasa txiki batean, egilearen paleta eta beste lanbide-tresna batzuk erakusten dira, artistaren aire zabaleko margolari bokazioaren adierazgarri.

Madrilgo Sorolla Museoan arrakastaz aurkeztu ondoren, Inpresioak ehizatuz. Sorolla formatu txikian erakusketa Bilboko museoan ikusi ahalko da, eraikin modernoaren 32. eta 33. aretoetan, azaroaren 20tik hurrengo urteko otsailaren 23ra bitartean.

Inaugurazioa: 2019/11/20
Hasten da: 2019/11/20
Bukatzen du: 2020/02/23
Ordutegia: Asteazkenetik astelehenera, 10:00etatik 20:00etara. Astearteetan itxita.
Kokapena: Museo Plaza, 2

Date

20/11/2019 - 23/02/2020

Time

10:00 - 20:00

Location

Bilboko Arte Ederren Museoa
Plaza del Museo, 2, 48009 Bilbao, España
Category
No Comments

Sorry, the comment form is closed at this time.