ERAKUSKETA: Edertasunaz eta sakratuaz. Isabel Baquedano

Isabel Baquedano
Edertasunaz eta sakratuaz
Bilboko Arte Ederren Museoa
Edertasunaz eta sakratuaz Isabel Baquedanoren (Mendabia, Nafarroa, 1929-Madril, 20018) obraren osotasunaren lehen berrikuspena da; XX. mendearen bigarren erdiko Espainiako pinturako figurarik pertsonaletako bat izan zen. Juan José Aquerretaren hitzek laburbiltzen duten bezala, "Isabelen patua pintura izan zen", bizitza osoan zehar lagun izan zuen bokaziozko irrika.

Hirurogeiko hamarkadan Iruñeko Eskolaren bultzatzaile aitortua eta zirkulu txiki batzuetan oso errespetatua –haren lanak goiz jaso zuen kritika espezializatuaren aitortza eta erregulartasunez egin zituen erakusketak Madrilen eta Euskal Herrian–, Baquedanok laster utzi zion margolanei sinadura eta data ezartzeari; inoiz ez zuen ospea bilatu, pinturaren ariketa hutsa baizik. Horregatik nahiko ezezaguna da publiko zabalarentzat eta hori da Bilboko Arte Ederren Museoak erakusketa hau antolatzeko izan duen motibo nagusia, bi helbururekin: haren obra zabaltzea eta haren ezagutzan sakontzea.

Edertasunaz eta sakratuaz erakusketak ehun eta berrogeita hamarretik gora margolan eta berrogeita hamar marrazki inguru biltzen ditu –familiaren eta bildumazale partikularren jabegokoak gehienak–, Ángel Bados eskultoreak eta Miriam Alzuri museoko teknikariak hautatuak; Isabelen adiskide izateaz gain, haren lana ondo ezagutzen du Badosek.

Aukeratutako obretako bat Mahaia (1979) da, pieza ikoniko bat, zeinaren "isiltasuna" maiz alderatu izan den Zurbarán eta Morandiren natura hil zainduekin.

Sailetan banatuta, margolanek eta marrazkiek zeharkaldi zabala eskaintzen diote ikusleari artistaren lan- eta bizi-ibilbide luzean barrena, eta, aldi berean, agerian uzten dituzte haren interesa piztu zuten eta hark artearen bidez esploratu zituen gaiak. Adelina Moya Valgañónek katalogorako egindako sarreran azaltzen duen moduan, "Haren ibilbide osoa etengabeko aldaketa izan zen, bilaketa bat, zituen motibazioen eta pinturaren kontzeptuaz egindako buru-lanketaren araberakoa, abiapuntuan kasu guztietan sentimendua zela".

Museoak abagune honetarako argitaratutako katalogoak balio berezia bereganatu du, orain artean ez baita Isabel Baquedanori buruzko ikerlan monografikorik egin. Lan horretan parte hartu dute, Ángel Bados eta Miriam Alzurirekin batera, Ignacio Gómez de Liaño idazleak eta Adelina Moya Vigañón arte historialari eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle ohiak.

Erakusketa Bilboko Arte Ederren Museoan inauguratuko da (urriaren 30etik 2020ko urtarrilaren 26ra arte) eta gero (ekainaren 5etik 2020ko irailaren 20ra arte) Iruñeko bi gunetan ikusi ahal izango da: Nafarroako Museoan eta Nafarroako Unibertsitatea Museoan.
Inaugurazioa: 2019/10/30
Hasten da: 2019/10/30
Bukatzen du: 2020/01/26
Ordutegia: Asteazkenetik astelehenera, 10:00etatik 20:00etara. Astearteetan itxita
Kokapena: Museo Plaza 2

Date

30/10/2019 - 26/01/2020

Time

10:00 - 20:00

Location

Bilboko Arte Ederren Museoa
Plaza del Museo, 2, 48009 Bilbao, España
No Comments

Sorry, the comment form is closed at this time.