ERAKUSKETA: Otl Aicher. Metro Bilbao. Arkitektura eta paisaia

Otl Aicher
Otl Aicher. Metro Bilbao. Arkitektura eta paisaia
Bilboko Arte Ederren Museoa
Orain arte Otl Aicher diseinatzaile grafiko alemaniarrari eskaini zaion erakusketarik handiena aurkeztuko du museoak, HfG-Archiv Ulmetik (Alemania) etorritako berrehun obra eta objektu baino gehiagorekin.

Horien artetik nabarmentzekoak dira Metro Bilbaorako proiektuaren 80 marrazki argitaratu gabeak –azaroaren 11n 25. urteurrena izango da– eta Norman Foster Foundationen artxibotik ateratako dozena bat marrazki eta argazki, Foster eta Aicherren arteko lankidetzaren emaitza. Horiez gainera, Aicherren beste lan ospetsu batzuk ere erakutsiko dira: Braun etxearenak, Municheko Olinpiadak '72, Bulthaup edo Isny Allgäurenak, eta Rotiserako, bizileku eta lantoki bihurtu zuen nekazaritzako gune zaharrerako, egindako arkitektura proiektuen material berriak, argitaratu gabeak horiek ere.

Otl Aicher XX. mendearen bigarren erdiko europar diseinatzaile erabakigarriena da. Inge Scholl eta Max Billekin batera, Hochschule für Gestaltung Ulm eskola sortu zuen 1951n, eta bertako zuzendari izan zen Tomas Maldonado eta Hans Gugelotekin batera, 1954ko otsailetik aurrera. Bertan osatu ziren 1958tik aurrera Entwicklungsgruppe deituak (garapen taldeak), besteak beste Lufthansa, Hanburgoko metroa edo Braun enpresentzako diseinu proiektuak egin zituztenak.

Europa erdialdeko diseinu grafikoaren tradizioaren oinordekoa da Aicher. Erretikulak erabiltzen ditu espazioa egituratzeko, eta askatasunez aplikatzen du sistema hori; ordena geometriko bera azpiratzen du konposizioak hala behar duenean, diseinu egituratu baina bisualki aktibo bat sortzeko. Zorroztasunaren eta askatasunaren arteko konbinazioak, batetik, eta Ulmeko eskolatik Josef Albers edo Alexander Klugeren mailako intelektualekin inplementatzen duen harreman ehunak sustatutako garapen intelektualak, bestetik, aparteko diseinatzaile bihurtzen dute Aicher.

1980ko hamarkadatik aurrera, Aicherrek Norman Fosterrekin lan egin zuen haren lanaren argitalpenetan. Harreman horren ondorioz, 1988-1989 urteetan Metro Bilbaoren irudi korporatiboa egiteko agindua eman zitzaion. Proiektua arkitekturaren eskutik sortu zen, eta hiria zein Euskadiko kulturari eta paisaiari buruzko ikerketak dira haren komunikazio sistema definitzen duten elementuak. Otl Aicherren ibilbideko lan nagusietako bat da hori, Munich '72 eta Bulthaupe etxearentzat egindako lanekin batera.

Gillermo Zuaznabar izan da erakusketaren komisarioa. Universitat Rovira i Virgili (Tarragona) unibertsitateko Artearen eta Arkitekturaren Teoriaren Saileko ikertzailea eta irakaslea da Zuaznabar.
Inaugurazioa: 2020/11/05
Hasten da: 2020/11/05
Bukatzen du: 2021/02/28
Ordutegia: Astelehenetik larunbatera, 11:00etatik 20:00etara (asteartean itxita). Igandeetan 11:00etatik 15:00etara.
Kokapena: Museoa plaza, 2

Date

05/11/2020 - 28/02/2021

Time

11:00 - 20:00

Location

Bilboko Arte Ederren Museoa
Plaza del Museo, 2, 48009 Bilbao, España
No Comments

Sorry, the comment form is closed at this time.