ERAKUSKETA: 2019ko Praktika Artistikoen Egonaldien programa. Alina Aguila eta Tana Garrido

Alina Aguila eta Tana Garrido
2019ko Praktika Artistikoen Egonaldien programa
Azkuna Zentroa
2019ko Praktika Artistikoen Egonaldien programako Tana Garrido (1989) eta Alina Aguila (Kuba, 1987) artista egoiliarrek Habanako Estudio Carlos Garaicoaren 'Artista x Artista' programarekin lankidetzan Azkuna Zentroko egonaldian gauzatu dituzten proiektuen emaitza aurkeztuko dute, otsailaren 13tik uztailaren 18ra arte, Haurtzarotik zahartzarora, eta alderantziz izenburupean.

Alina Aguila artistak jostailuen eta haien ezaugarri psikologikoen mundua du ardatz, jolasteko objektu gisa eta gizabanako baten laguntzaile gisa errealitatearekin egindako lehen esperimentazioetan. Uneren batean fetitxearekin bat datorren fenomeno horrek artearen munduarekin eta haren objektuekin lotura handia du. Artelanak kultura baten jostailu konplexuak dira nolabait.

Jostailuak haurrentzat eginak daude, ikerketa psikologiko, zientifiko eta didaktiko osoarekin. Hala ere, helduak pentsamendu horretan harrapatuta geratzen dira, eta ezinezkoa zaie praktika horietatik askatzea. Luizi psikologiko eta ludikoaren ezintasuna agerikoa da.

Artistak azaldu bezala, «hedadura bat sortzea interesatzen zait, gauzen konnotazio hutsa idealizazio magiko batera mugiarazten duen beste mutur bat. Jostailuak industrializatzean, akaberan eta materialen erabileran fintzera iritsi dira, eta mugarik gabe erreproduzitu dira. Nire kasuan, pertsonalizazioari eta irudimenezko jolasei buelta bat ematea dago. Manipulazio material bat erreskatatu nahi dut, barru-barrukoa; bizkortze gisa pentsatzea gustatzen zait, ideia sinple eta, aldi berean, transzendentalen jolas gisa».

Alina Aguilarekin harremanetan, Tana Garrido artistak Kubako egungo etxeko espazioaren ikus-entzunezko behatoki bat jarriko du ikusgai du, instalazio-formatuan. Garridok euskal sorburuko emakume kubatarren lekukotasuna jaso du, generoaz, lurraldeaz eta memoriaz hausnartzeko.

Pieza horretan eguneroko espazioa ziurtasun gisa hartzen da, lurraldearen ideia abstraktuaren aurrean. Etxeak familiaren kontakizuna babesten du -denborak higatzen duena-, eta hormak gainditzen dituenean soilik hasten da memoria kolektiboan bizitzen.

Sortzaileak azaltzen duenez, «Prozesuak etapa ezberdinak izan ditu: lehena, ikerkuntzakoa, hemen Euskal Herrian; bigarrena, Habanan, ingurunearekin harremana hartuz eta emakume horiekin guztiekin harremanak ezarriz; eta hirugarrena, aurreko guztia bideoan eta audioan erregistratzea eta gauzatzea izan da. Azkenik, material horiek guztiek bat egiten dute antitesi formal bat sortzeko, identitate espezifiko edota komun batzuen eraikuntzara hurbiltzeko: emakumeena eta haien historiarena».

Tana Garridok (1989) era berean lantzen ditu esparru dokumentala, arte garaikidea, saiakera bisuala edota dinamizazio kulturala. Haren piezak arte garaikideko zentro askotan egon dira ikusgai, besteak beste, hauetan: Sant Andreu Contemporani (Bartzelona), Arts Santa Mònica (Bartzelona). Horrez gain, Márgenes (Madril) eta Atlanticdoc (Uruguai) zinema-jaialdietan erakutsi da. Programatzailea eta Emakumeek egindako Film Laburren ‘Bendita Tú’ Zinemaldiaren sortzailekidea izateaz gain, SC kolektiboko kidea da; eta, hor, ikus-entzunezkoen arloko esperimentazioa eta partekatutako materialez egindako lana jorratzen ditu. Edinburgon egiten den Iberoamerikako Zinema Dokumentaleko ‘Iberodocs’ Jaialdiko programatzailea izan da, eta film luzerako lehen gidoia idazten ari da.

Alina Aguila Ferrer (1987). Villa Clarako (Kuba) artista honek, Arteen Goi-mailako Institutuan (ISA) lizentziatu aurretik (Habana, 2013), Arte Plastikoen Leopoldo Romañach Akademia Profesionalean ikasi zuen (Villa Clara, 2008). Egin dituen erakusketen artean, hauek nabarmentzen dira: Estación Central (Galería Cristo Salvador, Habana, 2011), Marcha sobre las uvas (Centro Wilfredo Lam, Habana, 2013), eta El jardín de los suecos (Orestes Hernández artistarekin jarritako erakusketa bipertsonala, Galerie knoerle & baettig, Winterthur, Suitza, 2017).

Fundación Banco Sabadellek egonaldi artistikoen programa babesten du, artea eta kultura sustatzeko eta hedatzeko duen programaren barruan.
Praktika Artistikoen egonaldia euskal hizkuntza eta kultura mundu osotik zabaltzeaz arduratzen den Etxepare Euskal Institutuaren laguntza du.
Inaugurazioa: 2020/06/15
Hasten da: 2020/06/15
Bukatzen du: 2020/07/18
Ordutegia: Asteartetik ostiralera 16:00etatik 19:00etara
Kokapena: Arrikibar plaza, 4

Date

15/06/2020 - 18/07/2020

Time

16:00 - 19:00

Location

Azkuna Zentroa
Arriquíbar Plaza, 4, 48010 Bilbo, Bizkaia
Category
No Comments

Sorry, the comment form is closed at this time.