INTERBENTZIOA: Txango bat. Kukai Dantza

Kukai Dantza
Txango bat
Bilboko Arte Ederren Museoa

Martxoaren erdialdean sortutako osasun krisia dela-eta, itxi egin behar izan dira kulturguneak, eta, azken asteetan, barne gogoeta sakona egin du Bilboko Arte Ederren Museoko lan taldeak. Azken hilabeteetan gauzatutako lanari buruz eta agertoki eta erronka berriei buruz hausnartu du, horiek definitzeko eta, ziurgabetasun handia egonik ere, horiei erantzun ahal izateko.

Eta, erantzun gisa, erronka berezi bat sortu zen: museo hutseko bilduman barrenako ibilbide bat, Jon Maya Sein dantzari eta koreografoak eta Kukai Dantza taldeak dantzaren, musikaren eta kantuaren bidez ezin hobeki interpretatua.

Bestelako gorputz eta hots batzuek gidatuko gaituzte, oraingoan, Kirmen Uribe idazleak sortutako kontakizun bereziaren arabera –ABC. Bilboko Museoaren alfabetoa–  hautatu eta antolatutako bildumako artelanak gordetzen dituzten aretoetan barrena. Halaxe sortu da 19 minutuko iraupena duen ikus-entzunezko kontakizun zoragarri bat –museoko aretoetan barrenako plano sekuentzia bat ia–, koadroen eta eskulturen esanahi berri eta ezkutuak erakusten dizkiguna, dantzaren eta musikaren eskutik.

Kukai Dantzak honela deskribatu du egindako lana: “Une ezohiko honetan, bestela ikusten dira museoak. Bestelako doinu bat dute. Dena hautematen da ohikoaz bestelako modu batean. Artistak eta bisitariak modu berri batean agertzen dira museoaren aurrean.

Erronka hauxe proposatzen dugu, bada: Bilboko Arte Ederren Museoaren alfabetoan barrenako txango berezi bat, Kirmen Uribe idazleak museoaren bildumarako garatu duen bidaia kontzeptual zoragarriaren irakurketa berri bat. Jolas gaitezen bakarrak izatera, museoa bakardade horretatik begiratzera eta entzutera, obrek eta espazioek esan nahi diguten hori sentitzera”.

Sorkuntza esperientzia berri honetatik, museoak eta BBK-k –proiektuaren bultzatzaile gogotsuak– erakusketaren bisitari bakar bihurtzea proposatzen diete ikus-entzuleei: aretoetan sartzen den lehen pertsona izatea, eta, sorkuntza honek gidatuta, museoko galerietan modu ezohikoan murgiltzea, Bilboko Arte Ederren Museoa birbisitatzea eta artearen muinera bidaia egitea.

Data: 2020/05/28tik aurrera
Ordutegia: Uztailean, abuztuan eta irailean: astelehenetik larunbatera 11:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 21:00etara / Igande eta jaiegunetan, 11:00etatik 15:00etara

Date

25/05/2020 - 30/09/2020

Time

11:00 - 21:00

Location

Bilboko Arte Ederren Museoa
Plaza del Museo, 2, 48009 Bilbao, España
Category
No Comments

Sorry, the comment form is closed at this time.