¿Zer da Bilbao Art District?

Bilbao Art District ekimen publiko-pribatua da, eta helburu du hiriaren ehun artistiko eta kulturalak garatzen dituen jarduerei laguntzea eta haien balioa nabarmentzea, proiekzio-elementu estrategiko gisa hiriaren garapen eta etorkizunerako.

Hiriaren ahalmen osoa aktibatzeko proiektu inspiratzailea, irekia eta barne-hartzailea izan nahi du, Bilbo barruti artistiko bakartzat hartuta eta hiri osoa, ekosistema sortzailetzat. Arte-ekipamendu eta -erakunde ugarien indarra azpimarratzen duelarik, artea kontsumitzen duen agertoki-izaera atzen utzi nahi du, eta arte-sorkuntzak gaur egungo gizartean duen rola onartzea bultzatuko duen eragile bihurtu; hain zuzen, arteak dituen balio sozial eta kulturalagatik, ahalmen sustatzaileagatik, eta garapena, pentsaera, aberastasuna eta enplegua sortzeko bere gaitasunagatik.

Urte osoan, sektorearekin lan egiten du aurreko helburuak lortzeko eta, aldizka, maiatzean eta urrian, hiritar guztientzako egitarau berezia antolatzen du hiriaren sektore guztiarekin.

Ekimen hau 2013an sortu zen Bilbao Ekintzak, Bilboko Udalaren udal-sozietateak, bultzatuta eta koordinatuta, eta horretan elkarrekin parte hartzen eta laguntzen dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta hiriko gainerako ikusizko arteen eragileek: museoek, galeriek, produkzio-eremuek etab.

Barruti artistikotik, hiri sortzailera:

Hau da, barruti artistikoaren eredutik igarotzea jarduketa integraleko esparru berri batera, non hiri osoaren ahalmen sortzailea aktibatuko den. Aldaketa hori nahitaez gertatzen da artearen sektorearen ohiko pertzepzio mugatua aldatu, eta sorkuntza-jarduera ugarien aberastasunaren gainean kontzientzia hartzearen ondorioz. Izan ere, hiriak dagoeneko sortzen ditu horrelako jarduerak, zirkuitu konbentzionalen barruan nahiz horietatik kanpo.

Agertoki izaerako hiritik, hiri eragilera:

Onartzen dugu kultura-turismoaren garrantzia, baina ezin dugu hiriaren eskaintza kontsumorako agertoki batera mugatu. Beraz, urrats honek agertoki izaerako hiriaren ikuspegia aldatzea eskatzen du, eta, horren ordez, Bilbok duen eragile-rola bultzatzea, bizirik dagoen esparru gisa, ekosistema sortzaile bat gisa, aktibatuta.

Gizonetatik, emakumeongana:

Sektorea sustatzeko programak, ohikoan, analisi-eskema tradizional batetik abiatzen dira, zeinak bi eremu bereizten dituen: adituen jakintza eta sektore hartzailea; hau da, haientzat, gizonentzat, jarduteko logika jarraitzen dute. Ekimen honen bitartez, ordea, lortu nahi dugu uneoro gu, emakumeok gogoan izatea. Proiektu honek gai izan behar du sektoreak berak sortzen duen eztabaida sustatu eta onartzeko, inplikaziorako eta elkar-partaidetzarako bideak irekiz.

Ekitaldia egitetik, jarraipena edukitzera:

Ez dugu nahi ekimen hau egun berezi eta ekitaldi zehatz batzuetara mugatzea; alderantziz, ekitaldiek korronte sakon bat gauzatzeko balio behar dute, esanahia eman behar diote, eta urtean egindako lan jarraituaren emaitza erreferentzia bihurtu. Izan ere, lan horrek loturak, komunikazio-sareak eta inplikazioa sortzen ditu hiri osoan, pentsaera desberdina garatzeko testuinguruak sortuz.

Digitalizazioa sektorea finkatzeko plataforma gisa:

Objektu artistikoan oinarritutako sorkuntzarekin batera, hau da, artearen merkatu tradizionalari lotutakoa, suspertzen ari den sorkuntza berria sustatzen dugu, zeinak objektua alde batera uzten duen bitartekaritza-elementuei dagokienez. Horrela, lagundu nahi dugu gizarte digital eta interkonektatu berriaren testuingurura eramaten kultura-produkzio sortzaile hori. Era berean, eremu birtualaren eta aurrez aurrekoaren arteko lotura-dinamikak sortu nahi ditugu, komunitate bat eratzeko prozesua bultzatzeko.

Bilbo nazioartekotu, arte-sorkuntzaren kontzeptu berriaren erreferente moduan:

Arte- eta kultura-produkzioaren birkontzeptualizazioan espezializatuta dauden izen handiko programak eta zentroak, estatukoak zein nazioartekoak, garatzen ari dira sarean lan egiteko dinamikak, eta horietan txertatu nahi da Bilbao Art District estrategia. Kontuan izanik lan horiek duten eragina sektoreko politika berrien diseinuan, harreman eta truke horrek balio erantsia eta ikusgarritasuna handitzeko aukera ematen die Bilbao Art Districtek antolatutako ekimen zehatzei, zein Bilbo hiriari eta haren arte-sorkuntzari.

Sormena izatetik, sortzaile izatera:

Bilbo etiketa kontzeptualetatik aldendu, eta nazioartean proiektatu dadila nahi dugu, irudi bereizgarria lortu dezan. Modu horretan, sormenezko hiriaren kontzeptua atzean utzi, eta hiri sortzailearen ideiara hurbilduko da Bilbo. Ideia horrekin, berea egingo du arte-sorkuntzak duen garrantzia garapena, pentsaera, aberastasuna eta enplegua sortzeari dagokionez. Gainera, ez da horretara mugatuko, nabarmenduko baitu arte-sorkuntzak gizartean eta kulturan ere eragiten duela.

Bilbao Art District egunero: ikustea eta sinestea jadanik ez da nahikoa; ikusteko, sortu behar dugu.